XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gerlari haien borroka maitakorrean ziur aski, jolas hutsa zuretzat Zeus? Ez! Eros izan zen jainko!.

Arratsean etxeratu eta afaria prestatu bitartean, Whitmanengana eraman gintuen disko hura jarri zenuen biraka.

Gartsuki laudatu eta gomendatu nizun poeta hau; ez, ordea, nire barne-emozio eta irrikaz zu ohartzerainoko moduan, nahi baina ezin duen zerbait salatzeko beldur denaren erara baizik.

Belar-Hostoak hartu eta, kasualitatez?, Oi zu, sarritan eta isilean hurbiltzen natzaizun hori irakurri nizun:
Oi zu sarritan eta isilean
zurekin egoteko hurbiltzen natzaizun hori
.

Zure ondoan nabilenean
edota zure ondoan eserita
edota zurekin gela berean nagoenean
gutxi dakizu zuregatik nire barnean
dabilen elektra-su sotilaz
.

Irrikor so egin zenidan, nire bihotz-asaldura areagotuz.

Eta bukatu bezain laster, Rod Stewarten martxosoa jarri zenuen.

Eta zu dantzan hasi.

Gorputz tinko lirain horrekin dantzan, arima osoaz dantzan.

Musikaren erritmoarekiko sinkronizaziorik lortuenean, edertasun eta poesiaz bete zenuen egongela zabala, zure gazte-indarrez.

Euforiaz hordi, izerditan, dotoreziaz erantzi zenuen alkandora.

Halako ikuskizun hark ederlanik miresgarriena inspira zezakeen.

Une hartan, Michel-Angelo edo Raphael edo... denboraren jabe nahi nuen izan, eta borondateen nagusi, bionak elkarretarazteko.